2026ko irailaren 9a
Donostia prest da 3 Hiriburuak Laboral Kutxa MTB txapelketari hasiera emateko
Datorren irailaren 20an, igandea, Donostiako Ulia mendiak hartuko du 3 Hiriburuak Laboral Kutxa MTB txapelketaren lehen proba, Euskal Herriko hiru hiriburuak zeharkatuko dituen mendiko bizikletako emakumezkoen liga berria.


3 Hiriburuak Laboral Kutxa MTB txapelketaren aurkezpena, Donostian.
Emakumezkoen pilotako 3 Hiriburuak txapelketa arrakastatsuan inspiratuta, Eusko Jaurlaritzaren bultzadarekin eta Euskal Herriko hiru hiriburuen babesarekin sortu da 3 Hiriburuak Laboral Kutxa MTB.
Donostiako Udaleko Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotzi Iñaki Gabarainek aurkezpeneko prentsaurrekoan nabarmendu duenez:
«Ekimen hau beste adibide argi bat da Donostiak emakumeen kirolaren alde duen konpromisoarena. Izan ere, gure hiria erreferente nagusia da emakumeen kirolaren sustapenean. Oraingoan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuen arteko lankidetzaren aldeko apustua egiten dugu, emakumeen pilotarekin eta 3 Hiriburuak pilota txapelketarekin egin dugun bezala. Aliantza hori indartzen eta proiektu berriekin jarraitzea espero dugu».
Txapelketaren estreinaldia gero eta gertuago dago, eta azken asteetan sartu da. Estatuko hainbat autonomia-erkidegotatik etorritako 15 taldek eman dute izena dagoeneko. Parte-hartzea %100ean diruz lagunduta dago, erakunde sustatzaileen eta Laboral Kutxaren babesari esker, eta izena emateko epea datorren irailaren 14ra arte egongo da zabalik.
Donostiako hitzordua, estrategia eta talde-lana uztartzen dituen lehiaketaren lehen atala izango da. Parte-hartzaileek 3 edo 4 txirrindulariz osatutako taldeetan lehiatuko dira, eta txandaka arituko dira hiru orduan ahalik eta itzuli gehien osatzeko.
Donostian prestatutako zirkuitua Ulia mendian egingo da, eta gutxi gorabehera 3 kilometroko luzera izango du. Mendiko bizikletaren esentziari eutsiko dio, eta maila desberdinetako parte-hartzaileentzat eskuragarria izango den kirol-erronka eskainiko du. Hain zuzen ere, 3 Hiriburuak Laboral Kutxa MTBren erakargarritasunetako bat da esperientzia- eta sasoi-maila desberdinak dituzten txirrindulariak talde berean elkartzeko aukera ematen duela.
Estrategiak, beraz, funtsezko zeregina izango du: talde bakoitzak erabaki beharko du nor sartzen den lasterketan eta noiz egiten den txanda bakoitza, erritmoari eutsi eta ahalik eta itzuli gehien pilatzeko helburuarekin. Emaitza baliozkoa izan dadin, talde bakoitzeko gutxienez hiru kidek itzuli bat osatu beharko dute.
Ildo horretan, Vitoria-Gasteizko Udaleko Kirol zinegotzi Ana López de Uraldek azpimarratu du mota honetako lehiaketak abian jartzearen garrantzia:
«Emakumeen kirola sustatzeko, ez da nahikoa neskak eta gazteak kirola egitera animatzea. Lehiatzeko espazioak, erreferenteak, ikusgarritasuna eta aukerak ere eskaini behar dizkiegu. Gaur bizikleta gainera lehen aldiz igotzen den neska batek bihar kirolari gisa lehiatzen, gozatzen eta hazten imajinatu ahal izatea behar dugu».
Donostiako probak, horrela, liga bati emango dio hasiera. Irailaren 27an jarraituko du Gasteizen, Armentiako Basoan, eta urriaren 12an amaituko da Bilbon, Avril-Artxanda mendiaren inguruan.
Irailaren 27an Vitoria-Gasteizen egingo den probari dagokionez, Ana López de Uraldek Armentiako basoaren berezitasuna azpimarratu du:
«Gure hiriko altxor natural handietako bat da. Edertasun handiko gune pribilegiatua da, Eraztun Berdearen parte dena, eta Vitoria-Gasteizek naturarekin duen harreman berezi hori ezin hobeto ulertzeko aukera ematen diguna. Armentiak ingurune ezin hobea eskaintzen du BTTa praktikatzeko: bideak, desnibelak, basoa eta ibilbide desberdinak, bizikletaz naturarekin harreman zuzenean gozatzeko aukera ematen dutenak. Baina, batez ere, kirola eta gure ingurunearekiko errespetua elkarrekin joan daitezkeela eta joan behar dutela erakusteko aukera eskaintzen digu».
Bilbok, bestalde, urriaren 12ko hitzordua baliatu nahi du emakumeen kirola eta hiriko kirol estrategikoak zabaltzeko, txirrindularitzaren kasuan bezala, «Bilboko eta Euskadiko kirol-nortasunaren eta -tradizioaren definizioan balio handia dutelako», gehitu du Itxaso Errotetak, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol saileko zinegotziak.
3 Hiriburuak Laboral Kutxa MTB emakumeek mendiko txirrindularitzan parte hartzea sustatzeko eta formatu desberdin bat eskaintzeko helburuarekin sortu da, lizentzia federatua duten zein federatu gabe dauden txirrindulariei irekita. Donostia izango da lehen geltokia. Ulia, lehen agertokia. Hiru ordu, hiru edo lau taldekide eta helburu bakarra: ahalik eta itzuli gehien ematea.
Euskal Herriko hiru hiriburuen liga hastear da.